bilatu
Bisita gidatua
 
GAURKOTASUNA atalera itzuli

2011 Urria

Talent House egoitzara bisita.

Donostiako Talent House egoitzak urte erdi bete du, eta balantze oso positiboa egin du.

Daniela Alemaniako 27 urteko neska da, eta Donostiara heldu berri da. Filologia Hispanikoko doktore-tesia prestatzen ari da UPV/EHUn, nobela garaikideetako biktimen eszenifikazioari buruz. Horretarako, Atxagaren, Saizarbitoriaren eta beste euskal idazle batzuen lanak aztertzen ari da; hain zuzen, horietako edozeinekin gurutzatu daiteke edozein egunetan Donostiako kaleetan edo Koldo Mitxelenan, hortxe ari baita egiten bere ikerketaren zati bat. Donostiako Talent House egoitzako aurpegietako bat besterik ez da Daniela, bertan hartuko baitu ostatu hurrengo hamar hilabetez. Euskal unibertsitatearen eta bere tesia aurkeztuko duen Alemaniako unibertsitatearen artean dagoen harremanagatik aukeratu du Donostia, baita hiriari, egoitza horri eta kokaleku ezin hobeari buruz oso ondo hitz egin diotelako ere.


"Dei-efektua" deiturikoaren ondorioz, Donostiako Sustapen bulegoak kudeatutako Talentuaren Etxeak % 85 inguruko okupazio-tasa dauka. Egoitza abian dagoen lehen sei hilabete hauen balantzea egitean, Ińigo Olaizola zentroko arduradunak honela hitz egin du: "gure aurreikuspenik onenak gainditu dira; izan ere, ekainetik aurrera okupazio-tasa % 70ekoa baino handiagoa izan da, eta 2012rako aurreikuspenak onak dira, dagoeneko egin baitira egonaldi luzeetarako hainbat erreserba".

Hori ez da harritzekoa, egoitzaren instalazioak ikusita, gehiegi pentsatu gabe geratzeko gogoa ematen baitute. Horixe pentsatuko zuten ziurrenik Talent House egoitzan ostatu hartuta daudenek. Egoitzan 25 herrialdetako talentuak daude, espainiarrak eta errusiarrak gehienak, eta hirian egoitza duten ikerketa-zentroren batean lan egiten dute, hala nola: unibertsitateetan; ospitaletan; CIC zentroetan; BCBL-Basque Center of Cognition, Brain and Language zentroan; Biodonostian; Fatroniken; DIPC- Donostia Internacional Phisics Center zentroan, eta AZTI-Tecnalia zentroan. Egoitzatik panoramika ezin hobea dugu: Baenako Dukearen kalean kokatua, badia, erdigunea eta Gros auzoa ikusten dira.

Egoitzak hainbat elkargune ditu, eraikina trukerako eremu gisa planteatuta baitago. Modu horretan, ikertzaileak egoitzan gera daitezke lanean, Danielaren antzera, edo, gehienak bezala, kontratatuta dauden zentroetara joan daitezke lanera.

Proiektuak hiru ardatz nagusi hauek ditu:

  • Ostatua, alokairu erregimenean.
  • Ikertzaile-egoiliarrak eta haien senideak hartzeko eta babesteko zerbitzuak. 
  • Ezagutza gizarteratzea.

Talent House egoitzak talentua hartzeko eta kontzentratzeko gune bat izan nahi du. Hori dela eta, garrantzitsua da ezagutza gizartera eta enpresen arlora eskualdatzeko lana sustatzea. Hala, berrikuntza eta balio erantsia sortu ahal izango da, ezagutzaren gizartea garatzean.

Horrela, ezagutza eskualdatzeko eta ideia berriak sortzeko bide ematen duten prestakuntza- eta hedapen-jarduerak diseinatzen dira, I+G+b eragileekin lankidetzan. Eskualdaketa hori enpresekin egindako topaketetan, irratiko programetan, Talent House egoitzan bertan egindako jardunaldi eta kongresuetan edo hainbat hedapen saiotan gauzatzen da, eta zenbait kasutan, hiriko hitzaldietan parte hartzen dutenak egoitzan ostatu hartutako ikertzaileak eurak dira.

Talent House egoitza erakundeen arteko lankidetzari esker eraiki da, hainbat erakundek finantzatu baitute: Donostiako Udalak, Donostiako Sustapen bulegoaren bidez; Industria Ministerioak, 12 urtean itzultzeko kreditu hobaridun bat eskaini baitzuen (Plan Avanza proiektuaren baitan), eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak. Proiektuan laguntzen dute, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Talent House egoitza eraikitzeko, 9,5 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da.

Donostiako lehenengo Plan Estrategikoak (2002-2010) dagoeneko lehentasunezko gai gisa nabarmentzen zuen Ikertzaileen Egoitzaren proiektua (non aldez aurretik egindako bileratan Donostiako Sustapenak parte hartu zuen), eta honako helburu hau zuen: "zientzialariei eta ikertzaileei harrera egiteko sistema bat sortzea (bizilekua, lana, hezkuntza…), ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako zentroetako langileen arteko gizarte topaketak egitea, ikertzaileen eta zientzialarien sorkuntza gaitasuna indartzea eta ezagutza zientifikoaren eta giza zientzien arteko eztabaida eta topaketa sustatzea". Helburu horiek "Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria" ardatz estrategikoan jasota daude.



 
 

Ezaugarri teknikoak

Instalazio iraunkorrak ditu, hala nola ur berorako eta berogailurako biomasazko galdarak (%94ko energia-eraginkortasuna), aire egokitua saihesteko aireztatze gurutzatua, eguzki-plaka termikoak eta monitorizatutako kontsumo-zerbitzuak.
Denek erabil ditzaketen guneak ere baditu: aparkalekua, garbitegia, erabilera anitzeko gelak…
Logela bateko apartamentuen hilabeteko alokairua 400 euro da, eta bi logelako apartamentuena, berriz, 900 euro.
Apartamentuak alokatzeko kontratuak gutxienez bi astekoak dira, eta gehienez 12 hilabetekoak. Kontratu mota horien asmoa egoitzak errotazio-sistema baten arabera funtzionatzea da.

 
 

 
 

TALENT HOUSE egoitzaren helburuak:

  • Ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko talentuak biltzea.
  • I+G+b eragileak bultzatzea, ikertzaileak hartzeko zerbitzu integral bat garatzeko, erakartze-prozesua erraztuko duena.
  • Berrikuntzarekin eta ikerketarekin lotutako eragileekin lankidetza-sareak sustatzea.
  • Tokiko talentua garatzeko baldintza egokiak sortzea, sustatuko sareen emaitza gisa (ikertzaileak, I+G+b eragileak, enpresak, herritarrak…).
  • Erraztasunak ematea, ezagutza gizartera eta enpresetara ezagutza eskualda dadin.
  • Hiriko ikerketa-jarduerarekin lotutako sinergiak eta proiektuak sortzeko bide ematea.
 
 

» TALENT HOUSE-en weba bisitatu
  subir
 
Prentsa bulegoarekin harremanetan jarri hurrengo posta elektronikoaren bitartez: prentsa@donostiafutura.net
Gurekin harremanetan jarri | Portada | Planaren gida | Komunikazioa | Ideien gunea | Dokuteka | Aldizkaria